"Arkaitz Biaini"

Erabiltzailearen aurpegia

Joan zen ostiraleko 'Goiena'-n Arkaitz Biainen gutun bat argitaratu zuten...

... Arrasateko hirigintza planari buruz eta Udalatxeko harrobiaren gainean. Bere idatzia Arrasateko Ezker Abertzalearen eta beste 400 pertsonaren izenean bidali du. Bide batez, esan dezadan Arrasateko Udalak HAPOri egindako ekarpen bakar bati ere ez diola erantzun, argi utzi du udal horren izaera antidemokratikoa. 

Biainek Canteras Campazar SAri  leporatzen dio "herriaren ondasun naturalak kaltetzen dituela interes pribatuetarako". Udalatxetik kareharria ateratzea herriaren ondasun naturala kaltetzea omen da Biainentzat. Baina Udalatxetik kareharria ateratzea hain txarra baldin bada, bera zinegotzi izan zenean Arrasateko Udalak zergatik egin zituen hainbeste obra erraldoi eta absurdoak Udalatxeko edo inguruko kareharria erabiliz? Biainen jarduera instituzionalean ez dut sumatu kareharriaren kontsumoa murrizteko ahalegin minimorik, gutxienez Kanpazarko harrobiaren kontrako bere gutuna sinesgarria egin dezakeenik...

Zeharka, esaten du Kanpazarko harrobiko materiala Aramaion erabiliko dutela AHTko obrak egiteko. Baina ez du esaten AHTko obrak Arrasaten ere egiten direla ez eta bere udal taldeko zinegotzi batek AHTko desjabetzeak sinatu zituela ere, eta Arrasateko Udalak diru pila bat kobratu zuela lurrak AHTri saltzeagatik edo uzteagatik. Barregarria da krisi ekonomikoaren ardura Udalatxeko harrobiari botatzea enpresa handien interesak "elikatzen" dituelako. Udala izan da bera zinegotzi izan zenean eraikuntza enpresa handiekin tratuak egin dituena. Beste gauza pare bat ezkutatzen ditu: Arrasateko enpresa kapitalista handiena berak zuzendutako Arrasateko Udala dela eta HAPO dela kapitalismoa garatzeko tresna eraginkorrena.

Plan Orokorra da Arrasateko lur guztia kapitalaren menpe jarri duena. Udala da modu arbitrarioan lur zati bakoitzari zama fiskal konkretu bat jarri diona, Udala da herriko espekulatzaile nagusiena, eta praktika kapitalista toxikoenaren mugak gainditzen dituena. Udala izan da HAPOn 500 etxe baino gehiago  aurreikusten duena. Nondik ekarriko dute Plan horretan planifikatuta dauden eraikin guztiak eraikitzeko materiala?

--------------------

Ramon Ugalde Gorostiza

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.