Euskaltelek euskaldunendako eskaintzarik ez ala?

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Stxez Muxika 2014ko eka. 6a, 00:00
Euskaltelek egindako eskaintzarik interesatzen bazaizu, erdaraz berba egin beharko duzu, ez duzu euskaraz egingo dizunik aurkituko eta.

Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunondako euskal izena daroan enpresa batek eskainitakoaz baliatzea ezinezkoa izan zaigu. Bi egun eman dugu norbaitek euskaraz arta gaitzan. Alferrik. Ezinezkoa izan zaigu, nahiz eta betiere "edukazioz"-edo erdaraz egiteari uko egin ez diogun. 

Lehenengo egunean deitu eta kudeaketa euskaraz egin nahi genuela erdaraz esan behar eta gero, orduan ezinezkoa eta beste ordu baterako hitzordua eman digute. Deitu omen digute, baina gu kanpoan egonik berriro deitu diegu geuk. Euskaraz egiteko gauza diren guztiak lanpetuta ei zebiltzan. Erdarazkoak ez nonbait, eskaera gutxiago ote daukate ba?! Deituko digutelakoan, inork ez digu deitu. Makinarekin egin behar izan dugu berba. Hiru minutu. Gero beste hiru minutu. Halako batean, giza ahots bat. Telefonoguneko operadoreek ez digute euskaraz egin. Web orrian sartzeko eta handik egiteko. Ez, guk euskaraz arta gaitzaten nahi dugu. Bigarren egunean alferrik atzera ere. Euskaltelek ez digu eskaintzen duen hori euskaraz tramitatzeko aukerarik eman. Hiru dei. Azkenean, zentralitako operadoreak euskaraz (eta erdaraz ere bai) egin diogulako moztu egin digu. Berriro ere segidan deitu eta ea zer dela-eta moztu digun galdetzerakoan, erdaraz ziharduenean euskaraz erantzutea errespetu falta hartu duelako. Euskara ageri denez temoso, fanatiko batzuen kapritxo bat besterik ez ei da ez-fanatiko toleranteentzat. Astelehenerako aukera eman digu; eskaintzaren epez kanpo. Ez dugu nahi. 

Euskal Herrian euskaraz egin nahi dugun euskaldun "temati", "edukazio bako" eta nazionalista espainol ez direnekin ei dauka Euskaltelek arazoa. Non daude EUSKALtelek kontratatu beharko lituzkeen operadore euskaldunak? Euskaldunon diruak ez du berdin balio? Ez ote da euskaldunok behingoz planto egiteko ordua? Elebidun edo eleanitzak izanik ere, Euskal Herrian euskaraz egin nahi dugu gogoak ematen digulako, eta kitto. Euskaraz ikasten diharduten ikasle horiek guztiek eurek, besteak beste, plus bat badutela elebakarren aldean sinets eta eska dezaten; bai Euskalteleko bezeroekin zein Donostiako autobus bidaiariekin jarduteko, zein edozein lanpostutan jarduteko ere.

----------

Marisa Karasatorre eta Rafa Stxez Muxika

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak