Proletario digitalak

Erabiltzailearen aurpegia Rufina Olasagasti Zubeldia

Mundu digitalean jasotzen dugun informazioa eta ikuspegia eraldatu eta indarrak biltzeko proletario digitalek duten garrantziaz dihardu Txema Ramirez de la Piscinak Berria-ko Brokolia arrozean artikuluan.

 

EAEn eta Nafarroan 45.000 langile inguruk dihardute Interneteko eta teknologia arloko plataformetan lanean, Microsoft, Amazon eta halako enpresentzat; beste 20.000 langile inguru dira arlo horiekin zerikusia duten plataformetan, Uber, Glovo eta halako zerbitzuetan. Heren batek lanbide nagusi moduan eta besteek soldata osagarri moduan jarduten omen dute horietan.

Nahiz eta soldatapekoen moduko dependentziarekin lan egin, langile horiek autonomo gisa erregistratzera bideratzen dituzte enpresek, lan kostuak eta gizarte segurantza kuotak aurrezteko. Praktika hori legez kanpoko iruzurra dela frogatu eta Langile Estatutuak bermatutako babes eta eskubideak izateko bidea ireki zuen ELA Sindikatuak, Glovoko banatzaileen kasuan.

Plataforma horiek Charles Chaplin-ek 1936ko Garai modernoak pelikulan maisuki kritikatzen duen joan den mendeko industria arloko kate-lanarekin alderatu daitezke. Kate-lanean masiboki sortutako produktuak saldu ahal izateko langileak erosi behar zituzten, ordu gehiago lan egin edo zorpetuta. Beste hainbeste gertatzen da orain ere: enpresa teknologiko handiek behar berriak sortzen dituzte, behar horiei erantzuteko produktu eta zerbitzuak egin eta salduta, jabeak aberasteko."

Mundu digitala euren menpe duten enpresa kapitalisten aurrean, pertsonengan zentratutako eredua indartu eta horrelako plataformetako langileentzako laneko baldintza duinak lortu behar lirateke. Horretarako, oinarrizkoa da antolakuntza, plataformetako proletario digitalak ahaldundu eta beste langileokin batera ekinez.

Datorkigun mundu digitala ez du mesias batek transformatuko, langileok elkarrekin bildu eta eragindako indarrak baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak