Bizenta Mogel, aitzindaria

Erabiltzailearen aurpegia Rufina Olasagasti Zubeldia 2026ko maiatzaren 13a

"Bizenta Mogel emakumeek etxetik kanpo inongo presentziarik ez zuten garaian liburu bat idatzi eta argitaratzera ausartu zen".

Mintzalagun programako kide batek horrela hasi zuen euskal idazlearen biografiaren azalpena, eta ezagutzea merezi duen pertsona da.

Umezurtz gelditu ondoren, bere osaba Joan Antonio Mogel abadea arduratu zen nebaz eta beraren heziketaz. Horri esker, XIX. mendeko emakumeentzat erabat ezohikoa zen maila akademikoa lortu zuen. Euskara, gaztelania eta latina ikasi zituen, eta liburuz inguraturik hazi zen.

Emakumeek idaztea ez zegoen ondo ikusia garai hartan; irutea –haria egitea– eta jostea ziren emakumeen lanak. Baina 1804an, 22 urte zituela, Bizentak Ipui onac izeneko ipuin-bilduma idatzi eta argitaratu zuen. Lan hartan, Esoporen fabulen itzulpen eta egokitzapenak eta berak sortutako ipuinak bildu zituen; hain ezagunak diren Dortoka eta erbia eta Inurria eta txitxarra, beste batzuen artean.

Idazle eta itzultzailea izateaz gain, Bizenta Mogelek emakumeen hezkuntzarako eskubidea aldarrikatu zuen. Euskal emakumeon emantzipazioaren aitzindarietako bat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak