Bihotza euskaldunegi sentitzen ei zuen bearnesez hitz egiten zen leku batean gustura bizitzeko.
Euskarak eta euskal kulturak bizindarra ematen ziotela zioen euskaltzale sutsua zen. Hamalau hizkuntzatan hitz egiteko gai zen, baina euskara zuen kuttun. Ondorioz, Hendaian gaur egun museoa den Abadia gaztelua eraiki zuen eta euskal musika, dantza eta, batik bat, poesia bultzatu eta hedatzeko lore-jokoak martxan jarri zituen 1851n hasi eta 1897an hil arte.
Anton Abadiaren moduan, beste hainbat ere inguru euskaldun baten bila dabiltza. Familia batzuk oporretan Azpeitira joaten dira, tentsio gabe euskara arnastu eta hitz egin ahal izateko, giro horretan lasai bizi eta ondoren etxera indarberrituta itzultzeko.
Baina nahikoa al da hau? Ez al genituzke euskara eroso eta lasai erabiltzeko baldintzak Euskal Herrian edonon eduki behar?
Hain zuzen ere, euskaraz eroso bizitzeko baldintzak sortzeko proposamena egiten dute Batuz/Aldatu itunaren sinatzaileek. Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera hainbat arlotako 113 entitate dira.
Itunak bi oinarri ditu euskal gizarte eroso batera heltzeko: herritar guztiak euskara ezagutzera iristeko baliabideak jartzea eta euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu eta garatzea. Jauzia egiteko unea dela eta erantzukizun partekatua dugula sinetsita, ituna proposatzen die instituzio politikoei, ekonomikoei, sozialei, kulturalei, akademikoei eta herritar guztiei.
Gure arbasoek jasandako eraso guztien gainetik, euskara transmititu digute, eta horregatik gara euskaldunak. Gure kulturaren eta nortasunaren parte da, elkarbizitza eroso baterako ezinbestekoa. Beraz, hau lortuko badugu, ez al dugu guk ere erakundeekin batera prozesu horretan parte hartzeko erantzukizuna?
Egin dezagun elkarbizitza eroso.