... unibertsitate ikasketak egitera Belgikara joateko aukera izan nuen. Euskaldun mordoxka elkartu ginen han eta Unibertsitateko ikasketak egiteaz gain Euskal Herria eta euskara hobeto ezagutu nahi genituen. Han aurkitutako adituen artean Txillardegi zegoen, bera izan zen Euskal Herriko historia eta euskara sistematikoki irakatsi ziguna geure harridura piztuz eta kuriositatea asebetez.
Euskalduna izan bai, baina ordura arte eskolan irakatsitako Espainia eta Europako historia ziren nik ikasiak. Belgikan ikasi nuen Euskal Herriko historia, eta hainbat mendez euskaldunok bildu gintuen Nafarroako erreinuarena. Inguruko erreinuen erasoen ondorioz bere eremua mendebaldetik murrizten nola joan zen (oraingo EAE, Errioxa…). Albako Dukearen agindupean Aragoiko Fernandok (Katolikoa deituak) bidalitako armadak independentea zen Nafarroa Garaiko erreinua inbaditu eta nola menderatu zuen 1512an, Gaztelako erreinuari lotuz. Nafarroako erregea protestantea zenaren aitzakian nola Aita Santuak konkista hori bedeinkatu zuen, bidezkoa zeritzalako errege katoliko horrek Nafarroako lurrak eta jendeak menperatzea gerra bidez. Konkista justifikatzeko nola egin zituzten agiri faltsuak. Nafarroa berreskuratzeko beste saioek nola helburua ez zuten lortu eta zer gertatu zen 1521eko Amaiurko gazteluaren setio eta borrokaldi odoltsuetan.
Hauek eta historiako beste hainbat pasarte ezagutzean nireganatu nuen euskalduna nintzela, beste batzuk espainolak edo frantsesak ziren bezalaxe. Euskal Herriaren historia ezagutzeak neure burua kokatzeko testuingurua eman zidan, bigarren mailako espainola ez nintzela konturatuz eta euskaldun izatearen harrotasunaz jabetuz. Geure historia eta hizkuntza ezagutzen ez dituenak ez daki zer galtzen duen!
Nire esker ona dimentsio berri hau zabaldu zidatenei, taldeko antolatzaileei eta joan berria zaigun Txillardegi irakasleari.