Hori da behin eta berriz telebista eta beste komunikabideek diotena, behintzat. Nahiz eta krisi betean egon, alde batetik gero eta azkarrago hondatzen diren produktuak egiten dituzte eta beste aldetik oraindik balio dutenak zaharkituak gelditu diren sentsazioa barnerarazi nahi digute. Azken teknologia eskuratzearen beharraz edota plazeraz hitz egiten dute: kotxe modelo berrienak, kamera digital gero eta txikiago eta indartsuagoak, MP3 erreproduzitzailea lehenik MP4 ondoren, eskuko telefonoa urtero aldatzea...
Hau da sistemaren gidariek gero eta irabazi gehiago poltsikoratzeko behar dutena. Horretarako ez die axola honek dakartzan kalteak ezkutatzeak: munduko lehengaiak xahutzea, lehengai hauek dauden lekuko biztanleak bizimodua ateratzeko baso, ur edo lurrik gabe uztea, produkzioko prozesuan osagai kimiko toxikoak erabiltzea, eta zaborrekin kutsadura arriskutsu gehiago eragitea airean, lurrean eta itsasoan.
Baina kotxeak, telefonoak eta beste gutiziek zoriontsu egiten ote gaituzte? Modu askotan erantzun daiteke galdera hau. Hara zer dioen Tolstoi idazle errusiarrak ipuin baten:
Errusiako lurralde baten, Tsarra oso gaixo zegoen. Nahiz eta sendagile eta mago ospetsuenak ekarri, ez zen osatzen, okerrera zihoan. Erreinuaren erdia agindu zion senda zezakeenari.
Jakintsu batek esan zion sendatuko zela gizon zoriontsu baten alkandora soinean jantzita. Tsarrak mandatariak bidali zituen munduan zehar gizon zoriontsu baten bila. Joan ziren aberats, jakintsu, indartsu, eder, ospetsu… zirenen bila, baina gustura zegoenik ez zuten aurkitu, guztiek zerbait falta zuten.
Halako baten, txabola pobre baten ondotik igarotzean, barnetik norbaitek zioena entzun zuten: "Ederra da bizitza! Egin dut lana, eta bai ederki jan ere. Osasun bikaina, familia eta lagunak ditut. Zer gehiago eska dezaket?".
Poz-pozik joan ziren gizonari alkandora eskatzera; baina hain zen pobrea, ez zuen alkandorarik ere!
Kontsumoak zoriontsu egiten gaituen? Bakoitzak du erantzuna.