Zenbat(ean) ordaintzen da etorkizuna?

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Mungia 2018ko ira. 21a, 07:11

Aitarentzat tabako bila bidaltzen zuten horietako naiz, eskupeko baten truke eta galderak egiteko ausardiarik gabe. Eskerrak beltza eskatzea egokitzen zitzaidala; beste askok, gainera, ahoa zabaldu eta Winston amerikarra erosteko enkargua zeukaten; lan bikoitza.

Umetako pasarte asko ekarri dizkit gogora Fariña telesailak; gehienetan, liburua irakurriz osatu ohi ditut filmak, baina, kasu honetan, irudiak gailendu zaizkie liburu elektronikoko hizki hotzei.

Kontu bitxia da unean uneko gizartearen bilakaera nola aztertzen dugun urteen poderioz, eskuan ditugun erreminta berriekin eta ekarri dituen ondorioak aztertuz. Orduan normala iruditzen zitzaiguna sekulako astakeriatzat hartuko genuke orain; tabernetan kontrabandoko tabakoa saltzea, adin txikikoak erabiltzea zamaketari lanetarako, osasunerako kaltegarria den produktu baten publizitatea nonahi zabaltzea… eta beste hainbat adibide.

Susmoa daukat, eta aitortuko dut txarra dela, egungo apustu etxeekin gerta daitekeela orduan tabakoarekin gertatu zena. Ez naiz trebeena, ezta zaleena ere, Internet bidezko apustuetan, baina nekez ezabatu dezaket hitz hori nire egunerokotik; etxe azpian, beti hutsik eta pantailak dantzan dituen lokala zabaldu berri dute. Ordenagailua piztu eta lanak ditut nahi dudan webgunera iristeko Toronto Raptors-en alde 10 euro jokatu gabe, egunkariak irakurri eta maite ditudan kirol talde askoren betiko izenak desagertzear daudela konturatu naiz eta okerrena da hasi besterik ez dela egin herrialde askotan ezbaian jartzen hasi diren eredua.

Italian, esaterako, lehen mailako futbol taldeek ezin izango dute kamisetetan apustu etxeen publizitatea erakutsi 2019tik aurrera eta, aldiz, Espainiako Ligan Reala da, ikusteko dago noiz arte, elastikoa garbi mantentzen duen talde bakarra.

Gu, bien bitartean, beste alde batera begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak