Erretiroa hartzerakoan, dotore

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Mungia 2015ko uzt. 3a, 00:00

Bulegoko leihotik, eguneko lehen kafearekin, korrika eta presaka gimnasiora sartzen ikusi dut azken sei urteetan.

Neguan sendoago, uda partean fin eta azala belztuta, marinelen pare. Nazioarte mailako txapelketek munduko bazter guztietara eraman dute hamalau urtez, hamaika bizipen eta esperientzia pilatzeraino. Etxera itzuli eta egunerokoak bere horretan jarraitzen zuen Naiararentzat; goi mailako ikasketak bukatu, euskaltegiko klaseetara ezin hutsik egin eta, hori gutxi balitz, amatasunari heldu. 

Piraguak oztopo ugari aurkitu ditu bidean, batzuetan norberak egindako akatsen ondorioz azaldutakoak, baina, askotan, epaileen erabaki zorrotz eta bidegabeek eraginda. Barruak hustuta eta egindako lanaz harro itzuli da behin baino gehiagotan etxera, jakinda maite dutenen ondoan atsekabe guztiak leuntzen direla. 

Naiarak berriki esan dio agur 14 urteko kirol ibilbideari, eta, berau errepasatzerakoan, horrelakoetan maiz esaten diren hitz eta esaldi potoloak utzi ditu bazterrean. "Nik erabakitako bidea egin dut, ez nau inork behartu eta egindako sakrifizio eta esfortzu guztiak merezi izan du"; hori esanez ekin zion agurrari, negar malkoei eutsiz. Emaitzen gainetik, zintzoa eta esker onekoa izateko balio izan dio kirolak Naiarari, eta, era berean, bizitzari aurre egiteko modu bat erakutsi dio. Benetako besarkada, mezu laburra, emotikonoa… gauzak okertzen direnean nahiko dira beste aldean norbait dagoela konturatzeko. 

Familiari tarte berezia eskaini dio Naiarak, azken lau urteetan bere lantaldeko kidetzat hartzeraino. Gertukoei begietara begiratu ondoren erabaki du nahikoa dela, bizitzan guztiak duela bere momentua eta atseden hartzeko garaia dela. Kostako zaio, jarritako helburua lortzerakoan sentitzen dena ezin baitu hitzekin adierazi. Konturatu gabe goi mailako kirolaren aldeko manifestua idatzi berri du Naiarak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak