"Feliko, lurtar 'galaktikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Mungia 2013ko urr. 15a, 02:00

Kirol kazetariok badugu gauzak puzteko joera...

... hotsandiko adjektiboak nolanahi erabiliz benetako errealitatea hein handi batean desitxuratuz. Galaktiko hitzak eman dit zer pentsatu azkenaldian GOIENAn irakurritako albiste baten harira. 

MU saskibaloi taldeak Feliko Aiala omendu zuen orain gutxi, Arrasateko taldeari emandako guztiagatik, eta, berandu bada ere, nik bat egin nahiko nuke hitz hauen bitartez eskaini nahi diodan tartetxoarekin.

Haurtzarotik nerabezarora egin beharreko bidean azaldu zen Felix gure bizitzetan. Beti umoretsu eta txantxarako prest, baina apurka-apurka gure eguneroko portaeran eraginez, gerora bizitzak erakutsi digun bezala. 

Eskola kideek osatu genuen orduan saskibaloi taldea, porrotak, garaipenak, entrenamendu ordu luzeak, bidaiak eta hamaika momentu on partekatuz. Guztietan, eta askotan gu konturatu gabe, hortxe zen Feliko gure aldamenean itzal baten antzera. Edozer behar genuela, beti azaltzen zen gauzak errazteko; bidaiatzeko baliabideak, jokatzeko materiala, edozein arazo konpontzeko...; labur esanda, laguntzeko. 

Baina horren guztiorren gainetik, gure artean zabaldu zituen portaerak altxortzat gorde ditut nik neuk hurrengo 20 urteetan: laguntasuna, elkartasuna, umiltasuna eta bestearekiko errespetua. Bizitzak adarkadak eman dizkio Felikori, eta ez nolanahikoak gainera, baina badakit umore ona eta alaitasuna ez dituela erraz galduko, urtetan margolan ederretan islatu duen bezala. Bera da galaktiko hitza hobekien deskribatzen duen lurtarra niretzat. Ez da gehien saltzen diren egunkarietako azalean agertuko, eta ezta milioikadak jasoko maite duena egitearren; baina Felixek ez du hori behar, urte haietan eman zigunak ez baitu preziorik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak