Bakarrik noa!

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Mondragon

Badira bakarrik bidaiatzen duten pertsonak, Santiagorako bidea bakarrik egiten dutenak, edota oporretara bakarrik doazenak… 

Garai batean, ez dira hainbeste urte, konpainiarik ez zutenentzako aukera bezala ikusten zena, gaur egun errutinatik deskonektatzeko eta norbere buruarekin hausnartzeko hautu gisa ulertzen da. Hala esan zidan bat-batean nire bikotekideak: "Bizikletaz noa Tarifara, bakarrik!". Esan eta egin… Etapaz etapako bidaia prestatu, bizikletari forjak jarri, eta etxetik irten zen, badira hamar egun. Han dihardu, helmugari adi, mapa puntatik puntara zeharkatzeko asmoz. Askatasuna, malgutasuna, autoezagutza… omen dira abantailak; baina eragozpenak ere badira: planifikazio zehatza, ezustekoei bakarrik aurre egitea, muturreko bakardadea… Oraindik helburua bete gabe, etapa gutxiren faltan, badirudi balorazioa ezin hobea dela. Hala baieztatzen digu egunero, telefonoz deitzen digunean. Esan behar dut, ohi baino sarriago! Edozein modutan, ziur nago bueltan satisfazioa erabatekoa izango dela, eta une txarrak ahaztuta, anekdota asko geratuko zaizkiola kontatzeko eta gogoratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak