Zorioneko ortua!

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Mondragon 2026ko ekainaren 3a

Tomateak, piperrak, letxugak, patatak... eguraldi onarekin batera heldu da ere, nola deitu, ortua lehenbailehen jartzeko obsesioa, lehia.

Gurea izan dadila onena, osatuena, hemengo eta hango negutegi eta saltokietan begira ibilita, landarerik onena beti nik jarritakoa. A, eta oso garrantzitsua, aldemeneko baserritarrak baino lehenago jartzea. Ez ditzala hark nik baino lehenago jaso lehendabiziko barazkiak! Kaleko solasaldietan ez dago beste gairik. Gure herrian, eta seguru beste batzuetan ere gertatzen dela, baserriak edota erreferentziazko pertsonak daude, produktu onenak biltzeagatik nabarmentzen direnak. Gainerakook hainbat trikimailuri buruz galdetzen diegu: zerekin ureztatu, noiz, izurriteen aurrean nola jokatu… Eta hori hasi besterik ez da egin, gero izango baita lehenengo tomateak, azalik gabeko piperrak, gindilla pikanteenak eta kalabazarik handienak nork hartu dituen.

Ortuko lanak, naturarekiko konexioa, lurrarekiko lotura eta bake mentala ematen duten neurri berean izan daitezke itogarriak. Sekretua da prozesuaz gozatzeko oreka bilatzea, obsesio estresagarri bihurtu baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak