Ez dut hemen gaiaren inguruko gogoeta sakonik egingo, baina Aramaion ikusi berri dugun dokumental baten harira bururatu zait gaia.
Aitatxo izeneko ikus-entzunekoan, seme-alaba baten galeraren dolua jasotzen da aitaren begiradatik. Lau aitaren testigantzaren bitartez, dokumental horrek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea aldarrikatzen ditu. Lanaren zuzendari Anakotz Lasartek adierazi bezala, semea galdu ondoren bigarren maila batera zokoratuta sentitu zen, sozialki. Badira dolua amarena bakarrik dela uste dutenak, eta horri erantzuteko beharrarekin landu dute aipatutako dokumentala. Kamera aurrean biluzten dira lau aitak, eta ikusleengan malkoak sortzen dituzten arren, aparta da! Esan daiteke, halaber, dokumental horrek hasieran aipatutako estereotipoak hausten dituela. Erakusten duelako sentsibilitatea ez dela amena soilik; eta aitek ere enpatia eta konexio emozionalerako gaitasun handia dutela. Gogorra bezain gomendarria da; aukera baduzue, ikusi!