Bide batez, baserriz baserri, etxez etxe aspaldi ikusi gabeko herritarrak, auzotarrak, agurtu ditugu. Halaxe da, egun berezia da urteko gainerako egunetan ia ikusten ez ditugun pertsona horiek agurtzeko eta haiekin berba egiteko.
Generazio aldaketarekin, komunikatzeko modu berriekin eta gaur egungo bizimoduarekin berarekin, asko aldatu dira auzo-harremanak. Sarritan, gure munduan bizi gara, albokoa nola dagoen pentsatzera gelditu gabe. Oro har, presaka bizi gara, "bizirautea" da beharra, bizitzaz goxatzea baino gehiago.
Dena den, gurea bezalako herri txikian bizitzeak ahalbidetzen digu pertsonen arteko kohesio handiagoa izatea, agian ia denok elkar ezagutzen dugulako. Elkarri "egun on" edo "agur" esatea da ohikoena, baina ez dezagun ahaztu pertsona asko isolatuta bizi direla, gainerakook mugitzen garen zentrotik urruti; distantzia hori fisikoa baino gehiago soziala da.