Norbaitek entzun du noizbait Pilar Calixta Amilburu musikariaren aipamenik Aramaion? Eta Maria Trojaola Azpeitia hezurretako sendagilearen erreferentziarik? Politikan aritu ziren Maria Cruz Guruzeta Unzueta eta Felipa Etxebarria Altuna, baina hauek ere ez dira agertzen historia-pasartetan.
Maritere Irasuegi Larrañaga urte askotan Udaleko idazkaria izan zen Aramaion, eta pare bat egunkaritan elkarrizketatu zuten 1964an, Arabako emakumezko idazkari bakarra zelako. Oso normala zen garai hartan ezkontzeko asmoaz galdetzea, adibidez. Edota titular handietan onartzea etxetik kanpo lan egiteko emakume ezkongabeak hobeak direla; ezkonduek bestelako ardura batzuk dituztelako.
Belaunaldi berrientzat pentsaezina da emakume batek lan egiteari utzi behar diola pentsatzea familia bat osatu nahi duelako. Bada, hori ez zen hain aspaldi gertatzen: 80ko hamarkadan, duela 40 urte baino ez.
Zorionez, baina, badirudi gauzak aldatuz doazela. Bai, oraindik ere badugu zer aldarrikatu, oraindik ere bide luzea dugu emakumeok alderdi askotan erreferentzia izateko: gizartean, ekonomian, zientzian eta abar, eta abar.
Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da norantz goazen jakiteko. Eta modu berean, behar-beharrezkoa da aitzindari izan diren emakumeei aitortza egitea. Dagoeneko bada ordua!