Seguru zuek ere ezagutzen dituzuela jubilatu asko gazte, osasuntsu, gogotsu eta bizi kalitate ezin hobea erakusten dutenak.
Urteak betetzeak ematen duen esperientziak lagunduta, hainbatek erabakitzen dute lanean jarraitzea: elkartean, gobernuz kanpoko erakunde batean... Badira, urte askoren bueltan ikasten jarraitzea erabakitzen dutenak ere!
Baina, hala ere, jubilatu batzuk depresioaz gaixotzen dira erretiratzen direnean. "Egunak ordu asko ditu, gehiegi!", diote horiek. Ez du erraza izan behar horrenbeste urte lan berean, lantegi berean edota lantalde berdintsuarekin igaro ondoren, guztia utzi eta bizitzaren etapa berri bati hasiera emateak.
Guk, dagoeneko berrogeiko hamarkada hasita dugunok, zera pentsatzen dugu: erretirora heltzen bagara nola iritsiko garen osasunez, ekonomikoki… Ez dakit ordua heltzen zaigunean nola hartuko dugun, baina orain inbidia pixka bat ematen digute hain gazte eta gogotsu ikusten ditugun erretiratu berri horiek, ahaztutako afizioren batean murgilduta, bidaietan handik hona dabiltzanak…
Bizi poza ez da gazteen kontua bakarrik, ez. Bukatu beharrean, hasi! Horixe da eta horixe izan beharko luke erretiroa hartzen dutenen leloa.