Ai ene, bidea!

Erabiltzailearen aurpegia

Izaten dira Gabonen inguruan boletoak, errifak, loteria eta antzekoak, bai!

Gurean, Aramaion ere badugu aukera errifak erosteko, porra bezala antolatuta! Gaia, oso egunekoa: noiz zabalduko da Aramaio-Arrasate bidea? Horixe da galdera eta norberak aukeratu behar du egokien iruditzen zaion data. Herriko trikitixa taldeak antolatu du porra, helburu on batekin: maiatzean izango den Debagoieneko trikitixa jairako dirua biltzea. Egia esan, ideia paregabea izan dute, nor ez da animatuko ba bidea zabalduko den eguna asmatzera? Horren zain gaude azken urte honetan eta!

Ai, ene! Bidea gora, bidea behera! Noizko zabalduko ote digute! Inork ez daki ziur, baina azkenaldian denon ahotan dabilen kontua da Aramaion!

Porra asmatzen duenak irabaziko duen saria gutxienekoa da, jendea buru-belarri dabil euro baten truke bere apustua egiten. Iritziak era guztietakoak dira: "Zubi bat bukatu dute eta agintariek Gabonetarako zabalduko zela esan zuten ba"; "Keba, gero istripua izan zen eta piezaren bat apurtu egin zen"; "Olentzero portatuko balitz..."; "Beno, igual Erregetarako izango da"; "Bai, zera!, otsailera arte jai daukagu, goiko zatia bukatu arte...". Aipatutako porran urtea, hilabetea, eguna eta ordua ere zehaztu behar da. Azken horrek ere eman du zer esana: "Eguerdi aldera zabalduko dute, 12etan edo, trajedunak etorriko dira inauguraziora: argazkia, luntxa… seguru". Denon gusturako iritziak, esan bezala!

Ai, ene! Gu bitartean gora eta behera! Azkoaga, Zabola…, auzotarrak kokoteraino daude gu egunero bertatik pasatzen ikusteaz, arrazoi guztiarekin! Eta gu ere kokoteraino bertatik pasatzera derrigortuta, gu ere arrazoiarekin! Lehen izotzak, lehen elur malutak, negua ere hurbiltzen..., ai, ene!

A! Saria aipatzea ahaztu zait: menu goxoa Dukienean; beraz, animatu eta egin apustu zuk ere!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.