Rockeroa, argazkilaria, sukaldaria, migrantea

Erabiltzailearen aurpegia Robinson (Cornelio) Castañeda 2026ko uztailaren 20a

80ko hamarkadaren amaieran, nire jaioterrian, Medellinen (Kolonbia), plater berezi bat prestatzen genuen.

Gehien gogoratzen dudan etxeko errezeta bat da, zalantzarik gabe: nire amona Leonorrek prestatzen zuen anana-gozokia, hain zuzen.

Postre haren magia zen zentzumenak zehatz-mehatz nola erabiltzen ziren hura egiteko; izan ere, ukimenaren zentzuak lagundu egiten zuen anana birrindu berria eta arto-fekula jada homogeneizatuta sentitzen; osagaiak hatzekin nahasten ziren, nahasketa txar batek utz ditzakeen pinportak saihesteko.

Lapiko bat sutan zegoen bitartean, azukrea suaren eraginez poliki-poliki lausotzen ari zela, nahastea astiro-astiro sartzen zen kazolan, pazientziak eta denborak beren lana egin zezaten, zurezko koilara baten laguntzarekin.

"Etengabe nahastea da sekretua", esaten zidan amonak. Eta, hain zuzen ere, bero-sentsazioa iristen zenean, nahaste haren usaina oso astiro eta tinko tropikal-usain bihurtzen ari zela sumatzen zen. 

Emeki-emeki irabiatzen zen bitartean, denbora ematen zuen askotariko gauzez hitz egiteko eta familiako istorio zaharrak kontatzeko, eta une berezi bat iristen zen: laba bat bezala sortzen ziren burbuilek berehala zaporeaz goza genezakeela ohartarazten ziguten. Burbuilek laba amorratu eta burbuilatsu baten antza zutenean, platerak prestatzen genituen, suarekin eta denborarekin loditutako nahasketa hura pausatzen uzteko.

Une hartan, postre xume baina ahosabaian lehergarri hartaz gozatzeko eseriko ginen leku bat prestatzen genuen. 

Orain, Al-Andalus tabernan euskal errezeten eta Andaluziakoen arteko zaporeak birsortzen aritzen naiz, rockeroa, argazkilaria, sukaldaria eta migrantea izateari utzi gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak