"Ysasi Ysasmenditarren liburuaren aurkezpen ekitaldiagatik, eskerrik asko"

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Benavente 2012ko mai. 12a, 02:00

Joan den apirilaren 28an egindako Ysasi Ysasmenditarren...

... liburuaren aurkezpen ekitaldian egondako kolaboratzaile eta ikusle bakoitza pertsonalki eskertu gurako nuke egindako ekarpenengatik. Egia esan, egunean bertan eskertu gura nuen, baina ezinezkoa izan zen. Horregatik, Goienak eskainitako aukera aprobetxatu gura dut nire eskerrak era orokorrean bideratzeko.

Eskerrik asko, lehenengo, Isasmendi eta Isasi Isasmendi eskoriatzarrei eta aretxabaletarrei neu eta neure familia eta lagunak etxean hartu eta geure etxean bageunde bezala sentiarazteko egindako ahaleginagatik (sekula ez dute kobratuko, diruz ordaindu ezin diren hainbat kontu daudelako); eta eskerrik asko, neuri eta Enric neure lehengusu politikoari adeitasunez egin zenigutelako ohore. Beste herri batzuetatik etorritako (Elgoibar, Gasteiz, Bartzelona…) Isasmendi eta Isasi Isasmenditarrei ere eskerrak eman gura dizkiet; baita abizen hori izan barik festan parte hartu gura izan zuten guztiei ere. Eta zelan ez, koadrilakoei ere bai, erakutsitako eskuzabaltasunagatik.

Aitor Antxia ere eskertu gura dut papereko formatuan argitaratutako liburuagatik eta aurkezpen hori bultzatzeagatik. Baita Aretxabaletako Udala ere, Arkupe kultura etxeko erabilera askotariko areto zoragarria uzteagatik. Eta Aretxabaletako alkate Ana Bolinaga eta Eskoriatzako alkate Beñat Herce ere bai, euren parte-hartze aktiboagatik.

Bolinaga alkate andreak katalanez esandako hitzak hartuta, esan, Ysasi Ysasmenditarren liburua pertsona eta herrien arteko topaleku izan zela, batez ere Ysasi Ysasmendi abizenaren sorleku izandako herrien artean: Eskoriatzan, Marin auzoa, eta Aretxabaletan, Goroeta auzoa.

Ziur nago izpiritu horrek jarraipena izango duela eta topaketa horri beste batzuek jarraituko diotela, eta Isasi Isasmendi guztiek tokia duten zuhaitz hori –Josu txikiak egun hartan esandako moduan– indartzen joango dela, guztion borondatea delako hori. Nire aldetik, beti izango nauzue edozertarako gertu. Gura baduzue, zuen zuhaitz genealogikoen mantentzaile ofiziala izango naiz. Eta edozein argibidetarako idatzi helbide honetara: ramonbenavente55@hotmail.com.

Eskerrik asko. Besarkada bat eta beti arte.

--------------------

Ramon Benavente Freixas

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak