Baina zenbaki horren atzean gure familiak daude, hezur-haragizko izakiak, eta orain bertan babesgabe eta indargabe sentitzen garenak.
Zure sailak gure seme-alaben hezkuntzari buruzko erabakia hartu du guri aukera hori kenduta.
Gure hezkuntza sistemak hainbat hezkuntza eredu errekonozitu eta babesten ditu. Eredu publikoa dago, erlijio zentroena edota ikastolena. Denek partekatzen dute oinarri komun bat, baina bakoitzak bere ñabardurak ditu, gure familientzat garrantzitsuak direnak: pedagogia eredua, antolaketa eredua, zerbitzuak, egutegiak, instalazioak eta abar. Eredu horien artean aukeratzeko eskubidea, askotan hezkuntza-zentroak bisitatu ostean edota ate ireki jardunaldien ostean egina, egon da indarrean orain arte gure hezkuntza sisteman.
Guk ere uste dugu segregazioa arazo bat dela, baina arazo konplexua da, eragiten diena gizarteko eremu guztiei, ludotekei, plazei, udal musika eskolari eta abarri. Eta, jakina, landu beharra dago baita hezkuntza arloan ere. Halere, uste dugu Hezkuntza Sailak hartutako neurriek ez dutela arazo hori konpontzen; are gehiago, planteaturiko aldaketa apurrek inpaktu minimoa edukiko dute segregazioan. Eta aipaturiko neurri horiek gauzatzeko ukatu egiten zaigu absolutuki gurasooi gure seme-alaben eskolatzeari buruz erabakitzeko eskubidea.
Gure iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoa ez da "guztiontzako kafea" errezetatzeko bezain handia, tokian tokiko errealitateak kontuan hartzen dituen udal-azterketa alde batera uzten den bitartean.
Bestalde, ez zaigu egokia iruditzen zaurgarritasuna neurtzeko modua; izan ere, inkesta hori betetzen duen pertsonaren fede onaren mende dago, batez ere, eta gure seme-alaben hezkuntza-ibilbide osoa baldintzatzen duten matrikulazio-uneko datu zirkunstantzialen mende ere bai. Eskola-plazak irizpide gardenekin neurtu eta berresleitu beharko lirateke, pikarokeriarako aukerarik ematen ez duten datu objektibo egiaztagarriekin.
Azkenik, aurkeztutako errekurtsoen aldeko ebazpena eskatzen dugu, gure seme-alaben hezkuntza gure betebeharra eta eskubidea dela pentsatzen baitugu, ez baikara zaintzaile hutsak. Era berean, uste dugu erreakzio sozialaren analisiak –familien erreklamazioak, elkarretaratzeak, hezkuntza-zentroen adierazpen publikoak eta abar– balio behar duela eskola-plazen esleipen prozesua birformulatzeko eta horrek balio dezala hezkuntza komunitate guztiaren adostasuna lortzeko. Zintzoki uste dugu helburuak, nahiz eta berau oso txalogarria izan, ez dituela bitarteko horiek justifikatzen.
Adeitasunez, N.-ren eta E.-ren familiak.
P.D.: atxikimenduetarako esteka: https://chng.it/VQsMN4H9Wg
----------
Ibai Mendiaratx eta Ramon Lopez
Arrasate