Biak masta berean, euskalnafar guztiok ordezkatzen gaituzten ikurrak direla sinesten dugunontzat gure nazioaren, erresistentziaren eta izandako estatuaren oroigarri bateragarriak. Ez dira herri subirano baten ikur ofizialak. Besteak beste, herri horrek ez daukalako ez muga ofizialik, ez izen ofizialik, ezta himno ofizial amankomunik ere. Baina batzuok estatu subirano hori izan zela diogu, eta muga aldakorrak izanagatik ere, egungo euskal herritarrok bizi garen lurrak bere baitan hartu zituela. Egoera ezberdinez historian zehar, baina Iruñeko Antso III.a Handia erregeak Lapurdiko eta Zuberoako bizkonderriak fundatu zituenean, edo Errioxa eta Bureba Iruñeko erresumaren baitan zeudenean, eta geroago ere, euskal lurrak batzen zituen erresuma zela hura. Garai hartan, "Bergarako lur hauek" ere Iruñeko Erresumaren parte ziren, mastako azpialdeko plakak dioen bezala. Ez du inon esaten hor dagoen bandera nafarra XII. mendekoa denik. Dokumentatuta geroago agertzen baita. 1352ko miniatura batean Gurutzetara doazen Europako herrialde batzuen estandarteak agertzen dira: hala Gaztela-Leongoa, Ingalaterra… nola Nafarroakoa. Baita XIV. mendearen amaierako beste miniatura batean ere agertzen da Nafarroako Karlos II.aren soldadu batek daroiala; eta 1416an Portugalgo Livro de Ararautos liburuan. Beste testigantzak ere badaude, adibidez: Vianako Printzeak erabili zuela "Nafarroarekin eginak bere banderak eta pendoiak"; edo 1512an Luis Correa kronista espainiarrak nafarrek bandera gorriaren azpian eraso egin zietela esatean: "…con una bandera colorada con ciertas bandas de oro en ella a la cual todos aguardaban y juraron de no la desamparar…"; 1803-1811 urteen artean Joseph Garat Hiriartek proposatu zuen Nafarroakoa izatea Napoleonen inperioaren baitan balizko euskal estatuaren bandera; eta abar. Ez, ez dago dokumentatuta Bergara lehengo aldiz aipatzen den lerro idatziaren garai hartan bandera nafarrik bazegoen ala ez. Ikurrina ziur ezetz. Eta zer? Baina 1200 urtean Gaztelarrek mendebaldeko Nafarroa (orduan jada izen horrekin) inbaditu eta Bergara bailarako lurrak okupatu zituenean, Nafarroako armarria egon bazegoen. Lizarrako Done Mikel elizan agertzen da XII. mendean, 1189ko Iruñeko Biblian zaldun nafarrek badaramate ezkutuetan Nafarroako sinboloa, eta Antso VI.a Jakitunaren zigiluan agertzen da, besteak beste. Gero, Antso VII.a Azkarra ordezkorik gabe hil zenean, bere iloba izan zen Nafarroako erregea, kanpotik etorria, inguruko erresumetako dinastiekin maiz gertatzen ohi zen bezalaxe. Orduan hasi ziren Nafarroako armarriarekin batera euren familiaren armak ere jartzen. Baina, plazako bi ikur horiek ez dute ez monarkia, ez dinastiarik, ez ezelakorik errebindikatzen. Herri baten memoria eta batasuna baizik. 1268an Gaztelako Alfonso X.ak fundatu zuen Villanueva. Baina Villanueva, Villabona, Salvatierra, Segura, Villafranca eta Nafarroa okupatu zuten tokietan bezala bazeuden aurretik ere euskalnafarron herriak. Agintari berriek Ariznoako lurretan fundatu zuten Villanueva hiribildu berria, baina zer Villanueva? Villanueva de Bergara, del "valle de Bergara", alegia. Ordutik aurrera gaztelarrak izan ginen, eta euskaraz berba egiten genuelako "vascos" edo "vascongados". Independentziari eutsi zioten euskaldunek, ordea, nafarrak izaten segitu zuten. What if horietako bat: gaztelarrak mendebaldetik sartu beharrean, ekialdetik sartu izan balira, ez ote ginateke gaurko Debagoienakook "los navarros" izango, eta Iruñerrikoak "los vascos"? Ukronia hutsa, bale, ados.
Ez da Nafarroako Foru Erkidegoko bandera ofiziala. Zer zilegitasun daukagu Euskal Autonomia Erkidegoan bandera nafarra erabiltzeko eta Nafarroako Foru Erkidegoan ikurrina? Legeak lege ofizialtasuna ofizialtasun, nire ustez euskalnafarrok eman nahi dioguna.
Bide batez, euskalnafar terminoa aspaldikoa da eta, gutxi gora behera, Tejeroren estatu kolpearen garaira arte, egungo Euskadi eta Nafarroako komunitatetan zabal erabilia; hainbat kirol eta elkarte profesionaletan, edo aurrezki kutxen konfederazioan, adibidez. Estatu kolpe saiakera haren ondorioz, artean Euskal Herria termino orokorki onartua zena –Euzkadi terminoari kontra egiteko maiz erabilia, egia bada ere–, harrezkero, Nafarroan jazarria izan da, euskalnafar terminoa ezabatua, eta ikurrinaren erabilera guztiz murriztua eta baita debekatua ere. Eta, bidenabar, baita masta horretan dagoen bandera nafarra ere, Nafarroako nazionalista espainiarrek ez dute batere gustukoa eta. Nago ni Tejero txotxongiloaren hariak tiratzen zituztenen helburu nagusienetako bat euskalnafarron batasuna haustea izan zela.
Plakan ez da Euskadi idatzita agertzen, ezta Nafarroako Komunitate Forala ere ez. Nik neuk, hainbat meritu eta garai garaiko joerak aitortu arren, ez dut uste behar zenik Sabino Aranak Euzkadi neologismoa asmatzea. Euskal Herria bageneukan, eta aurretik bazeuden Vasconia eta Nafarroa. Nire aitajaun biak Nafarroa Garaikoak ziren, amandre bat ere bai. Haietako batek, familia karlista betikoa eta senide gehienak karlistak zeuzkan amandre bergararrarekin ezkonduta, inongo erreparorik gabe erabiltzen zuen Euskal Herria terminoa, eta ez zuen duda txikienik ere Nafarroa euskalduna eta ardatza zenik; Euzkadi, ordea, berba arrotza zitzaion. Gainerako arbaso eta senitarte nafarrak: errepublikarrak eta EAJkoak, erbestean ibilitakoak eta frankismoak jazarriak. Nafarrak frankismoarekin eta honen ondorengoekin nahasteko joera ikusi izan dut maiz; ez zait inoiz zuzena iruditu.
Plakak dioen bezala, bat izan ginelako, garelako eta izango garelako daude bandera biak Bergarako plazan. Gizon-emakume euskalnafarron borondateak eta ekimenak marka bezate zer den ofiziala eta zer onartua. Bien bitartean, zilegi bekit ikur bi horiek haizetan zabal ikustean, nik hau sentitzea; beste inoren sentimendurik eragozteke betiere.
----------
Rafa Santxitz Muxika
Bergara