Hemendik herritarrok animatu nahi zaituztegu ekimen hau lagundu eta bultzatzera.
Ikerketa zientifiko honen helburua da urtero kutsadura frogak egitea, eta, helburu horrekin, duela egun gutxi batzuk ToxicoWatch fundazio holandarrak eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa batek laginak hartu zituzten, bai erraustegiaren inguruko hainbat herritan –Zubieta, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Añorga, Hernani eta Urnieta– eta bai urrunagoko beste batean, Goierriko Zaldibian.
Puntu horietan oilategietako arrautza, goroldio, lur eta landareen laginak hartu dituzte.
Oso inportantea da ezagutzea puntu horietan egoera zein den Zubietako tximinia zaborrak erretzen hasi aurretik, ondorengo urteetan berriro froga berdinak egin eta gauzak nola doazen berme zientifikoz frogatzeko.
Nazioarteko ikerlariak Euskal Herrira ekarri, laginak hartu eta beren herrialdeetan azterketa analitikoak egiteak diru kostu bat dauka.
Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun talde eta herritarrok erabaki dugu ikerketa babestea eta finantzaketa lortzen laguntzea.
Aurrera doa 13.000 euro biltzeko kanpaina eta dei bat egiten dizuegu herritarroi, bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian parte har dezan. Dirua eman daiteke bai Verkami crowdfunding plataformatik, baita bankuko ES45 2095 5069 06 1064132086 (Zubieta Lantzen) kontu korronte honetan sartuz edo baita ere EAMko kideren bati eskura emanez.
Ez etsi, herritarrok: eutsi.
Errausketarik ez, ez Zubietan eta ez inon!
..........
Pello Zubiria Kamino
Errausketaren Aurkako Mugimendua
Usurbil