Pedro Sologaistoa: "Gipuzkoako Erretiratuen Plataformatik esandakoak"

Erabiltzailearen aurpegia

Aurretik hainbeste aldiz ahalegindu eta gero, azkenean hauteskundeak ere gainean direla eta itxura hobea emateagatik-edo...

... lehen ezinezkoa zena gero balekoa bihurtu da eta 2011ko otsailaren 10ean Gipuzkoako Batzar Nagusian eta Gizarte Politikako Batzordean Gipuzkoako Erretiratuen Plataformako bi ordezkariek hartu zuten parte.  Han azaldutakoaren laburpena egingo dugu guk.

Gezurra badirudi ere, pentsioak ez igotzeak (izozteak) talde bat egitera bultzatu gaitu eta plataforma sortzeko metxa piztu duen arrazoia hori izan da, hain zuzen ere. Orain arte urtero %2 edo 3 egin dute gora pentsioek, baina aldi berean eta sistematikoki %3 edo 4 puntu galdu izan dugu urtero-urtero gure erosteko ahalmenean.Aurten ez daukagu igoerarik, %1,3 igo zaigu iaz egin zigutena erregulatzeko, baina IPCren igoera izugarria da: argindarra noraino igo duten ikusi besterik ez dago, gasolina ere nahi duten adina igotzen dute nahi duten momentuan eta horrek guztiak %10eko galera ekarri du gure erosteko ahalmenean. Gauza hauek erabakitzea Espainiako Gobernuaren ahalmena izanik ere, Gipuzkoako Diputazioak arduraz jokatu behar luke, zeren bere Aurrekontu Orokorrean gizarte intserziorako eta baztertutakoei laguntzeko destinatua dauzkan 15 miloi euro horietatik partida bat jubilatu eta pentsionisten, batez ere emakume alargunei, laguntzera joan beharko litzateke. Borondaterik balego, Diputazioak pentsioen izozteak ekarri duen pobretzea arindu lezake.

Jubilatuok daukagun beste arazo latza Gizarte Soziala eta Osasun Zerbitzuak dira. Orain arte botikak ez ditugu ordaintzen eta edadeagatik falta gehien egiten digunean, pagatu egin beharko ditugula esaten hasi dira. Kopago izena jarri diote eta zoritxarrez aurrera ateratzen badute, gure bizimodua gehiago estutuko dute oraindik.

Bestalde, aurten, Zerbitzu Sozialerako diru-partida %2,5 gehitu dela esaten da, baina  tranpa egiten da horrela esaten denean.

Lanbidek jango duelako aurrekontuaren zati handiena eta orain arte etxez etxeko zaintzara eta menpekotasuna duten pertsonen beharretarako diru gutxiago geratuko da. Lehen Egoitzak (Erresidentziak) euren medikuak, erizainak, langile kualifikatuak, mugitzeko aparailuak eta abar dituztelako ziren eta dira leku egokienak. Baina orain ez, orain ez da interesatzen dirua egoitzetan gastatzea, orain samurrena da etxean zaintzea menpekotasuna duen pertsona hori 400 eurogatik, eta kasu askotan, beste ezinduren baten ardurapean. Bestela, berriz, 1.000 eurorekin zure kontura kontratatu beharko duzu beste pertsona bat. Beraz, lan harremanari dagokion edozein auzi gertatzen bada, ardura guztia kontratazioa egin duen pertsonak eramango du, eta ez Diputazioak.

Gero nolako politika fiskala egin behar luke Diputazioak pentsioen izoztearen efektuak gutxitzeko. Ba, esate baterako, IRPF tributatzeko beste diseinu bat jubilatuentzat eta Ogasuneko inspekzioak zorroztu ordaintzen ez dutenekin. Hortik etor liteke ordaintzeko bide bat inongo arrazoirik gabe kendu digutena arintzeko.

Azkenik, hitz egiteko eskubidea eduki nahi genuke edadetuen jendeaz berba egiten den Organismo eta Instituzioetan. Gipuzkoan Consejo del Mayor izena eman dioten taldea dago; lehen irekia zen, baina orain arauak aldatu dituzte eta talde asko, %80, kanpoan geratu dira. Oñatin ere Lourdes Idoiaga alkateak ate guztiak itxi zizkigun, baina hori ez da bidea, jubilatu eta pentsionistez hitz egiten den lekuetan egon eta gure arazoez gurea den ikuspuntua agertu nahi dugu.

Hau da, laburbilduta, Diputazioko Gizarte Batzordean emandako azalpena, baina nola ez duten kasu zipitzik ere egin, orain daukagu aukera indar korrelazioa aldatzeko datozen hauteskundeetako botazioetan.

-------------------------------------

Pedro Sologaistoa , Jose Antonio Amundarain, Jabi Altube eta Jabier Arana
(LAB Erretiratuak)
Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.