Argiago ere esan dezakegu: egindako hizkuntza-kudeaketa okerraren zama bere bizkar gainean Aritz Elustondo jokalariak daraman bitartean, Real Sociedad erakundea ezkutatu egiten da jokalariaren atzean Errege Kopako ospakizunetan hizkuntzen kudeaketarekin gertatutako deskalabruaren ardurarik hartu gabe.
Aldera dezagun gurean Realarekin gertatutakoa, Montrealen (Quebec-eko hiri frankofonoan), Air Canada hegazkin konpainian gertatutakoarekin.
Air Canada konpainiako lehendakari eta zuzendari nagusiak, Michael Rousseauk, kargua utzi du, 2026ko martxoan New Yorken bi hildako eta 40 zauritutik gora izan dituen hegazkin istripuaren ostean sortutako polemika linguistikoagatik. Michael Rousseauk istripua gertatu eta hurrengo goizean konpainiaren izenean egindako adierazpen instituzionalean —gertatutakoari buruzko atsekabea eta istripuarekin lotutako ikerketarekin lankidetza osoa adierazteko— hiru minutu eta berrogei segundoko agerraldia egin zuen ingelesez. Frantsesez bi hitz besterik ez zituen esan: bata, hasieran eta, bestea, amaieran –"bonjour" eta "merci"–.
Realeko Administrazio Kontseiluaren presidente den Jokin Aperribay jaunak, berriz, Errege Kopa irabazi ostean bere ahotik egindako adierazpen instituzional, agerraldi eta elkarrizketa guzti-guztiak gaztelaniaz egin zituen.
Michael Rousseauren agerraldiak Kanadako herritarren haserrea hauspotu zuen. Izan ere, hizkuntzaren erabilera okerraren gertakariak eragin sozial eta emozional handia izan zuen hildako pilotuetako bat eta zauritutako bidaiari batzuk Quebeceko frantses-hiztunak zirela jakin zenean –Kanadako biztanleen %22k frantsesa du lehen hizkuntza, eta Quebeceko biztanleen %77 frantses-hiztuna da, Air Canada konpainiak egoitza nagusia daukan probintzian–.
Gipuzkoarren artean %40k du euskara ama hizkuntza. Gipuzkoa da Euskal Herriko lurralderik euskaldunena: 2 urtetik gorako biztanleen %57 da euskalduna eta 16-24 urteko adin-taldean %80tik gora. Donostiako udaletxeko ospakizunera hurbildu ziren gehienak gazteak ziren, gainera.
Air Canada, bere izenagatik eta logotipoagatik –astigar-hostoa–, herrialdearen ikur nazionaltzat hartzen da. Beraz, zuzendari nagusiak frantsesa baztertzeak herrialdearen balioekin talka egiten duela sentitu dute herritar askok. Komunitate frankofonoarentzat, urte askotan Montrealen (Quebec) bizi eta gero, konpainiako zuzendari nagusiak frantsesa ez ikastea errespetu falta nabarmena da. Gainera, istripu baten ostean samin-agurra ingelesez bakarrik ematea biktimekiko eta haien familia frankofonoenganako sentiberatasun faltatzat hartu da.
Reala bezalako futbol taldeekin izan ohi den gizarte-atxikimendua faktore emozional, sozial eta identitarioen uztarketak sortzen du. Atxikimendu hori ez dago kirol emaitzei bakarrik lotuta. Ildo horretatik, bere armarrian agertzen diren bi SS hizkiak Donostia –San Sebastián– hiriarekin lotuta daude. Era berean, taldea txuri-urdin izenez da ezagun, Donostiako banderaren kolore zuri-urdinak erabiltzen dituelako identitatearen ikur kromatiko gisa. Zaleek taldearekin bat egiten dute, taldea beren herri izaeraren ordezkaritzat dutelako; izan ere, taldeak komunitate sentimendua sorrarazten die. Klubarekiko atxikimendua belaunaldi batetik bestera transmititu ohi da, eta atxikimendu hori belaunaldien arteko harreman-bide eta elkargune indartsua izan ohi da. Partidek sortzen dituzten bizipenek –garaipenen pozak eta porroten negarrak– zalearen eta klubaren arteko lotura emozionala estutzen dute. Reala futbol taldeak ere zaleekin bat egiten duten balioetan eta filosofian oinarritzen du bere nortasuna eta, besteak beste, hortxe dago euskararen balioa. Futbol zelaian, jokalariei bultzaka, realzale guzti-guztiek taldearen ereserkia euskara hutsean kantatzen dute, ozen eta indartsu, eztarria urratu arte. Eta denok dugu gogoan Euskararekin bat leloa zuen elastiko gogoangarri hura: euskararen aldeko sentimenduaren ikur bihurtu zen bere garaian. Eta horregatik guztiagatik, da are ulergaitzagoa Errege Koparen Donostiako ospakizunetan gertatutako hizkuntza-kudeaketa kaskar hori.
Gainera, dena esaten hasita, Gipuzkoako Euskara Elkarteek sinatutako eskutitza jaso zuen Realaren Administrazio Kontseiluak finaleko partida baino egun batzuk lehenago. Hauxe zioen eskutitzak, hitzez hitz: Gipuzkoako euskara elkarteok, lerro hauen bidez, gure zorionik beroenak helarazi nahi dizkizuegu zuen gizonezkoen futbol taldeak Espainiako Kopako finala jokatuko duelako. Lorpen honek ilusioa piztu du probintzia osoan, klubak bere historia eta ibilbidea dela eta Gipuzkoako gizartean duen errotze handiaren erakusle. Testuinguru honetan, azpimarratu nahi dugu Real Sociedad klubak duen dimentsio sozial eta sinbolikoa. Erreferente izanik, eta komunikabideetan eta gizartean duen presentzia handia kontuan hartuta, klubak proiekzio publiko nabarmena du, eta, ondorioz, eragin zuzena du gure hizkuntzaren ikusgarritasunean ere. Horregatik, eskaera eta aldi berean ohar bat helarazi nahi dizuegu: Espainiako Kopako finalaren inguruko jarduera guztietan –hala nola komunikazioetan, adierazpen publikoetan, ekitaldi instituzionaletan eta balizko ospakizunetan– euskarak lehentasunezko presentzia izan dezala bermatzea. Bai erreferente izango diren jokalariek hitza hartzean zein bestelako une giltzarrietan hautatzen den hizkuntzak, zuzenean edo zeharka asko adierazten dute. Hori zaintzea nahiko genuke asteburuko eta ondorengo hitzorduetan. Gipuzkoaren ordezkari nagusietako bat izanik, eta herrialde honetako nortasunaren adierazle diren balioak ordezkatzen dituen heinean, uste dugu euskara lehen lerroan egotea ezinbestekoa dela Realarentzat historikoa den hitzorduan. Hori ez da soilik gure hizkuntzaren aldeko apustua, baizik eta Gipuzkoako eta Gipuzkoatik kanpoko euskaldunekiko errespetu eta aitortza keinu argia da. Ziur gaude klubak bere konpromiso sozialari eutsiz, aukera paregabe hau baliatuko duela euskararen ikusgarritasuna eta erabilera sustatzeko. Eskerrik asko zuen arreta eta konpromisoagatik. Zorte on eta aupa Reala! Adeitasunez.
Orduan, zer gertatu da Aritz Elustondo bezalako jokalari euskaldun eta Realaren etxe barruko erreferente batek Donostiako udaletxe aurreko ospakizunetan hauxe esateko? "Barkatu, baina erdaraz egingo dut denek ulertzeko".
----------
Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea