Mota guztietako siglak eta aurreiritziak atzean utziz, Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde gure aletxoa eman nahi dugun bergararrak bildu gara gaur, hemen. Gutako bakoitza, bere eremuan, neurrian eta tamainan baina elkar hartuak; besarkatuak.
Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Hiru hitz. Hiru gako. Baina esanahi handiko hiru hitz. Hiru gako, gutxi batzuen ardurapean uzteko. Herritar guztien giza eskubideak errespetatu eta bermatuak izatearen ardura guztionak direnaren uste zintzoan baikaude. Bai eta bide zidorrik gabeko konponbidean aurrera jarraitzeko, errespetatuak izan behar zaizkien euskal preso eta iheslarien eskubideak ere.
Hala nola, beraien senide, lagun eta herrietatik milaka kilometrotara urrunduak egotera zigortzen dituen dispertsioaz amaitu eta, hauen herriratzea errazteko bideak bilatu behar direlakoan gaude.
Bada, horiek dira gaur hemen elkartzera ekarri gaituzten arrazoiak: Martxoaren 15ean herritar talde batek San Telmo museoan aurkeztu zituzten adierazpenaren gutxienekoekin bat eginez, hauen testigua hartu eta herrian zabaltzeko ardurak.
Orain gure eskuetan den testigua bergarar guztiei zabaldu nahi diegu; horretarako herritarrok protagonista izango garen lehenengo ekimena antolatzea pentsatu dugu. Ekimen erraz bezain baikorra. Bertan elkartuko garen herritarron energiak batuko dituen ekimena: Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko BESARKADANelkartuko direnak.
Inoiz, Bergaran egin den besarkada jendetsu, estu eta beroena da egin nahi duguna. Gutako bakoitzari denbora eta esfortzu handiegirik eskatzen ez digun ekimena delakoan gaude. Aitzitik, harreman bide berri eta estuak lor ditzakeenak eta, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde saretzen lagunduko duen ekimena.
BESARKADA, maiatzaren 30ean arratsaldeko 19:00etan Munibe plazan egingo dugu. Bergarar guztiok gaude gonbidatuak. Bertan elkar besarkatuko garelakoan, eskerrik asko.