Hirugarren pizkundea

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2025eko abenduaren 12a

Duela ia 150 urte, Hermilio Oloriz iruindarrak honako hau idatzi zuen:

"Izugarri mingarria da ikustea herri batek arrotza dena berezkotzat hartzen duela eta berezkoa duenari arrotza dela iriztea, bere nortasunaren galerarekiko axolagabe". Ez zuten panorama ederra 1876an Canovas espainiarrak gure foruak ezabatu zituenean. Hala ere, lehen euskal pizkundea loratu zen.

Frankismo garaian ere urte ilunak bizi izan zituen gure herriak; hala ere, 50-60ko hamarkadetan bigarren euskal pizkundeak indarra eman zion gure herriari, gure hizkuntzari, gure kulturari. Baina bigarrenak ere eman du berea. 

Egun, zoritxarrez, Olorizen hitzak gaurkotasun handikoak direlakoan nago. Hau garbi ikusten da sinboloetan; gureak direlakoan, euren ikurrak daramatzagu, eta, horrela, euren nortasuna hartzen ari gara. Hizkuntzarekin ere, berdintsu, oldarraldi betean, eta gu, Lazkao Txikik aurreikusi bezala, "erdaraz, euskaraz ari garelakoan". 

Abenduaren 27an euskaltzaleok Bilbon elkartuko gara, euskarak pizkunde berri baten beharra daukalako, baina ez soilik euskarak. Oldarraldia ez da euskararen aurkakoa soilik, gure herria desagerrarazi nahi dute eta asimilazioa bere puntu gorenera iristen ari da. 

Kontzientzia nazionala berreskuratzeko formula aurkitu ezinik gabiltzan honetan, ahaztu ezin dugun aldagaia falta zaigu: memoria. Ezagutzen ez dena ezin baita maitatu. Iñaki Idigoras lagunak dioen bezala, "iragana ezagutzeak izugarri lagunduko liguke oraina ulertzen, eta komeni zaizkigun estrategiak marrazten".

Memoriadun Herri euskalduna da behar duguna. Xabat Illarregi txapeldunak ezin argiago bota zuen gure hiri buruzagian: "Herria eta hizkuntza ez bihurtzeko bi bando, esna gaitezen eta mugitu gure mingain gure zango, lo hartu ezkero lur honek ez du hizkuntzarik eramango ta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak