Horixe bera esango dute Irungo eta Hondarribiko alardeetako betikoek, ohituraren izenean emakumea baztertzen jarraitzeko.
Antzuolatik harriduraz ikusten dugu hau. Gure alardean emakumeek naturaltasunez hartzen dute parte; fusilarien burua emakumea da, gainera. Emakumeen parte-hartzeak arazorik ez eragin arren, Antzuolan ere badaude betikoak. Hasteko, kosta zitzaigun alardeko mairuaren irudia duintzea. Eta ondoren, alardeko martxa Espainiako bigarren himnoa zela argitaratu nuenetik, batzuek bizkarra eman didate. Bai, azkenean, aldatu da martxa, baina larrutik ordainduta.
"Ezjakintasuna eta zoriontasuna eskutik doaz, konpa!", esan dit Mikel lagunak. Matrix pelikulan bezala, egia deserosoaren pilula gorria baino, ezjakintasun zoriontsuaren pilula urdina nahiago du jendeak.
Azkenean, betiko Guardia Zibilak ireki dizkio askori begiak: gure alardeari buruz atera duen bideoan, guk jotzeari utzi diogun euren himnoa entzuten baita emakumerik gabeko alardean.