Sinboloez jabetzen

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2024ko urt. 26a, 00:00

Azaroan, Nabarraldek Hernanin antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartzeko aukera izan nuen.

Bertan, Gipuzkoako armarriaz aritu nintzen, Antzuolako armarriaren aldaketa prozesuan ikasitakoa azalduz.

Ez nintzen debagoiendar bakarra izan: Oñatiko Udaleko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek Oñatiko bandera aldatu berriaz hitz egin zuen; Iñaki Idigoras oñatiarrak Nafarroako konkistan Oñatiko jauntxoek zer-nolako papera jokatu zuten kontatu zuen; eta Dekolonizatu Bergara taldeko Izar Odriozolak gure zenbait arbasok beste herri batzuen zapalkuntzan izan zuten paperaren berri eman zuen.

Sinboloek herri baten identitatean berebiziko garrantzia dute, baina sarritan, gureak direlakoan, kanpokoek ezarritakoak ditugu. Urrutira joan gabe, gure herrietako bandera gehienetan Voxekoek horrenbeste maite duten Borgoinako gurutzea daukagu; zorionez, oñatiarrek ezabatu dutena.

Kale-izenetan ere badago zeregina, Arrasateko Zuztarrak Errotuz taldeak erakutsi digun bezala. Euren lanari esker, Arrasateko Udalak erabaki berri du gu indarrez hartu gintuen Gaztelako Alfonso VIII.ari kalea kentzea eta aurrerantzean 17 Emakume kalea izendatzea.

Hernaniko hitzaldietan, entzule gisa, Bergarako Oxan laguna zegoen, urtetan Euskal Herri osoko balkoi askotan eduki dugun Euskal presoak Euskal Herrira ikurraren sortzailea. Hura aldatu den bezala, espero dugu Etxera banderola berria ere laster kendu behar izatea.

Ikusten da Debagoienean sinboloak aldatzeko eta berriak sortzeko ez daukagula konplexurik. Honetan ere aitzindariak gara, sinboloez jabetzen, hitzaren bi zentzuetan: konturatu eta jabe egin. Sinboloek esaten digutenaz konturatu eta haiei buruz erabaki.

Horretarako, Pirritx eta Porrotxen Sentitu, pentsatu eta ekin lemari jabetu gehituko nioke aurretik. Jabetu edo konturatu gabe ez baita sentitzen, ondoren pentsatu eta ekiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak