Hasi berri dugun 2022. urtea partidaz beterik datorkigu, eta irabazi nahi badugu, behintzat, jokatzea dagokigu. Aurkariak, ordea, ez ditugu makalak…
Frontoian inor baino hobeto mugitzen den Covid XIX.a pilotari txiki baina gogorraren kontra daukagu lehen partida. Orain arte botilero izan duguna aldatzen ez badugu, jai daukagu, 19an utziko gaitu aurkariak. Beraz, Urkullu botileroa joan dadila San Josera botiloia egitera; bide batez, ea irribarre bat ateratzen zaion gizon triste horri.
Bigarren partidako aurkariak Espetxea du abizena. Azkenaldian tantoak egin dizkiogun arren, 22ra iristea kostako zaigu, epailea bere alde baitago nabarmen. Txapapera bidaltzen dituen pilotak ere ontzat ematen dizkio. Irabazi nahi bada, epailea aldatu beharra daukagu eta pilota ezker-eskuin mugitu ondoren dejada batekin amaitu.
Hirugarrena Tapiaren aurkako partida izango da. Bergara eta Zumarragako errauskailuen aire zikina Irimo gaineko haize-errotekin mugitzerik nahi ez badugu, atzeko koadroetara gogor bota beharko dugu pilota.
Partida hauek zein aurrerantzekoak borrokatu gabe irabazterik ez dagoela erakutsi digu herritar gazte batek. Gaixotasunaren aurkako partida galdu berri duen arren, irakasgai ederra utzi digu. 2019ko udaberrian, denbora luzez apurtuta zegoen ping-pong mahaia konpontzeko eskatu zion alkateari. Beñardok esan zion urte bukaerarako berria jarriko zutela. Hala ere, 15 urteko mutikoa ez zen gora begira gelditu, sinadurak biltzeari ekin zion eta 900 inguru lortu zituen; tartean, alkatearena.
Zauden tokian zaudela, frontoi ondoko ping-pong mahaia ikusten dugun bakoitzean zu ikusiko zaitugu. Eskerrik asko, Xabat!