Garai hartan, balinda, baleikeda, ezinleikeda eta horrelakoak asko entzuten ziren. Guk ere sarritan erabiltzen genuen leiket edo leikezu neike edo zeinke-ren lekuan.
2011ko maiatzean, baina, M15 mugimendua jaio zen. Horren ondorioz, zerua asaldatzeko asmoz Podemos sortu zuten Madrilen eta hemengo sukurtsalari Ahal Dugu izena jartzea otu zitzaion norbaiti. Baleikedogu jarri baliote sikiera!
10 urte pasatu dira eta zerua asaldatzetik urrun gelditu dira koletaduna eta bere lagunak. Esango nuke beraien arrasto handiena gure euskarak sufritu duela. Azkenaldian besterik ez da entzuten: "Ahal dostazu ekarri hori?", "bihar etorri ahal naiz"…
Ez dakit zuei, baina niri kristoren belarriko mina ematen dit. Nigatik, itzul gaitezen neike edo geinke-ra. "Yes, we can. Sí, se puede. Bai, balinda!".