Ez al da adierazgarria gisa horretako pertsonaia bat ustez hirugarren mailakoa zen trenbidean ibiltzea? Zer pentsatua eman eta hariari tiraka hasita, jakin berri dut trenbide honek bazuela garrantzia, Donostia eta Bilbo lotzen baitzituen.
Bide estuko trenbidea zen gurea eta Zumarragan bide zabaleko Norteko Ferrokarrila hartzeko trenez aldatu behar izaten zuten bidaiariek. Honek sortzen zuen deserosotasunagatik eta kostaldeko turismoak hartu zuen indarragatik, gaur egun ezagutzen dugun Kostaldeko Trena eraiki zen. Ondorioz, gurea gainbehera hasi eta otsailaren 28an bete berri da azken bidaiaren 50. urteurrena.
Ospakizunetarako tarterik ez da izan, bide horretan inoiz baino jende gehiago eta sarriago pasieran gabiltzan arren. Hamarkadatan baztertuta egon ondoren, 2013ko abenduan kuadrillako baba-janean hartutako erabakiari esker, auzolanean tunelak garbitu eta guztiontzat erabilgarri jarri zen trenbidea. Orain, ordea, lur-jausien ondorioz, Jauregiko tunelak ia bi urte daramatza itxita. Diputazioarentzat, beste behin, hutsaren hurrengoak gara. Autobidearekin eta AHTarekin herria eta poltsikoak zulatu dizkigute, Pagape bezalako iturriak agortuz, eta zer da bueltan jaso duguna? Artículo trentaitrés!
Tunelak aipatzen hasita, pandemiarena, irteerako argirik ikusten ez dioguna. Ea laster irteten garen eta baba-janerako aukera dugun, Jauregiko tunelaz gain AHTarenak ere garbitzeko dauzkagu-eta, euskal y-a euskal bidegorri bihurtuz.