1895etik milaka lagun ezagutu ditu eta horietako asko ez daude jada gure artean. Azken hilabeteetan jariorik gabe egon ondoren, maiatzaren 7an berriz ura ematen hasi zen egun berean, iturri parean bizi izandako Barberito txistularia joan zitzaigun. Maiatzaren erdialdera, iturriaren beste aldeko Kruz Pollero-k utzi gintuen.
Maiatzaren amaieran, berriz, iturriak berak baino ur gehiago isuri genuen malkotan. Iturri ondoko beste bizilagun bat joan zitzaigun. Konfinamendu garaian balkoitik balkoira sarritan ikusi nuen laguna; arropak eskegitzen, txistularioi grabatzen, bizikleta estatikoan, Urepeleko artzainari kantuan, emazteari zorionak abesten…
Triste gaude, baina bere oroitzapen ugariek irribarrea eragiten digute. Gogoan dut nola egoten nintzen dardarka, Makila handien dantzan bere parean tokatuz gero, behatzen bat noiz joko; edo, azkenean, Miren Karmeleren baiezkoa jaso zuenean, ezkon aurreko despedidan drag queen jantzita zeukan estiloa; edo alardean beste guztiek baino lehen tiroa botatzen zuenean; edo bere ikasle dantzarien atzetik ilarak zuzendu nahian plazara korrika irteten zenean.
Handia zen gure Aranbarri, gure Itsasmendi, gure Gorka, eta handia da utzi duen hutsunea. Baina dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko, eta hilotzaren aurrean herriak dantza egin zion, gugan bizirik dirauelako eta berak emandakoaren jarioak etenik ez duelako.
125 urte hauetan joan zaizkigun guztiak gogoan, iturri zaharretik edango dudan ur berriaren lehen tragoa hire omenez izango dok, Gorka.
Irribarre handi batekin, Unblenble!