'Voxgorailuak'

Aitortzen dut, beti gustatu izan zaizkit Espainia aldeko tertulia fatxak. Intereconomiako El gato al agua, Treceko El cascabel… Beharbada, Madrilen pasa nituen hiru urteek eragina izan zuten nigan, Telemadrid ere ez baitzen atzera gelditzen.

Gaur egungo espainiar izarrak telebista horietako tertulietan egin ziren ezagun. PPko Pablo Casadoz, Ciudadanoseko Albert Riveraz eta Voxeko Santiago Abascalez ari naiz. Duela urte batzuk voxgorailu horietan esaten zituzten astakeriak orain egunero entzuten dizkiegu.

Egunotan jendea harrituta dago Andaluzian Voxek izan duen babesagatik, baina boto horiek ez dira ezerezetik sortu, betidanik egon dira hor, PPren mantapean.

Gogoan dut Navalcarneroko espetxean nola hurbildu zitzaidan Guerrillero de Cristo Rey izandako gizon bat. Noski, espetxean ez zegoen gerrileroa izan zelako, preso soziala zen. Bere aita epaile frankista zela kontatu zidan eta harro zioen nola bere aitak heriotza zigorrera kondenatu zuen lehen euskal apaiza. Juan Carlos erregea traidoretzat zeukan eta, oraingo erregearen aldeko jarrera erakusteaz gain, gaur egun gertatzen ari dena goitik behera asmatu zuen.Kartzela berean mutil gazte bat ere ezagutu nuen. Diskotekako liskar batean labankada bat emateagatik zegoen preso. Espetxe baimena eman zioten, eta hurrengo bere berriak telebistaz izan genituen, Aitor Zabaleta erail baitzuen labankada batez Madrilen. Hogei urte geroago, berriz izan dugu bere berri. Hirugarren graduan zegoela, Brujasen atxilotu dute futbol partidaren aurretik poliziari nazien agurra egiteagatik.

Euskal Herria ere ez dago salbu, Amurrion ikusi dugun bezala. Ezker abertzaleko familia baten baserriko leihoari tiro egitea doakoa da. Baina lasai, gerrileroa, nabajeroa eta pistoleroa barrez dauden bitartean, Urkulluren euskal oasiaren ipuina entzunez goxo-goxo jarraituko dugu lo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak