Sinboloen garrantziaz

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2014ko aza. 10a, 12:04

Bandera espainiarra gure instituzioetan ikustean asaldatu egin ohi gara, gure herriaren aurkako eraso zuzentzat hartzen baitugu.

Erreakzio hori ez da horrenbestekoa sinbologia frankistaren aurrean. Hala ere, memoria historikoa lantzen diharduten taldeei esker errealitate hau ere azaleratu egin da azkenaldian. 

Badaude horiez gain ezkutuago dauden sinboloak, eta esango nuke larriagoak direla, ez baikara konturatzen gure begien aurrean ditugula eta gure izaeraren sustraietan sartu dizkigutela. Azken hauek erakusten digute espainiarrek martxan jarritako asimilazio prozesua bere fruituak ematen ari dela.

Baieztapen honen adibide garbia dira Antzuolako armarrian orain arte izan ditugun 12 kanoiak, azaroaren 4ko udalbatzarrean zorionez gure armarri ofizialetik kendu direnak. 12 kanoi hauek Errege Katolikoen alaba zen Juana la loca-k ezarri zituen Gipuzkoako armarrian, gipuzkoarren eta nafarren arteko Belateko sasi-guda gogoratu nahian, euskaldunen arteko zatiketa betikotzeko asmoz. Orduan ere argi ibili ziren espainiarrak Divide y vencerás lema aurrera eramanez. 

Zatiketa asmo hauen berri bazuen Agirre lehendakariak, eta 1936ko urriaren 19an dekretu bidez "euzkoen anai arteko gudak oroit-erazten dituzten xeetasunak kenduta" gelditu ziren, Eusko Jaurlaritzaren armarrian Gipuzkoari zegokion eremutik 12 kanoiak ezabatuz. 1979an Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere, Agirreren bidea jarraituz, Gipuzkoako armarritik kanoiak kendu zituzten. 

Ondoren etorri ziren Lizartza eta Zizurkil; Antzuola zen kanoi hauek zituen azken herria, eta orain antzuolarrok ere eman dugu pausoa. Agirrek hasitako bideari bukaera eman zaio.

Zirkulu bat itxi da, baina oraindik sinbolo arrotz asko ditugu ezkutuan; adibidez, konturatzen al gara Errealeko kamiseta janzten dugunean bihotzaren parean Borboien koroia daramagula?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak