Errotonda

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2013ko abe. 24a, 00:00
Inguruko herrietakoentzat Antzuola ezaguna izan da...

... semafororik gabeko herria izateagatik. Azkenaldian, berriz, ezagunagoa izan da errotondarik gabeko herria izan delako. Bada, gaurtik aurrera guk ere badugu gure errotonda, Sagasti auzoan hain zuzen ere, eta honek nork bere bidea hartzea erraztuko duelakoan nago. 

Euskal Herria, ordea, urtetan ibili da errotondan bueltaka. Jira eta buelta, bere bidea egin ezinik, eta herritarrak bitartean zorabiatuta. 

Ezker abertzaleak errotonda horretatik irteteko hautua egin zuen duela bi urte pasa; beste batzuek hor jarraitzen dute, errotonda berean tematuta. 

Aurten ere adibide ugari izan ditugu: epaiketak, atxiloketak, presoen heriotzak… 

Errotondan nahi gaituzte, bueltaka, ondoezak jota, baina alperrik ari dira. 

Herri honek ez du horrelako errotondarik nahi, bere bidea eginez aurrera egin nahi du-eta. 

Horretarako guztiok jarri behar dugu gure aletxoa, eta 2014an badugu horretarako aukera: lehenengoa, urtarrilaren 11n Bilbon, tantaz tanta Bilboko kaleak itsaso bihurtu behar ditugu; bigarrena, ekainaren 8an, Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean, munduari eta batez ere geure buruari erakutsiko diogu, Eskozian eta Katalunian bezala, gure herriaren etorkizuna gure esku dagoela.

Hortxe dago gakoa, guk geure buruarengan izan behar dugu konfiantza. 

Gure Esku Dago ekimeneko kide den Angel Oiarbideri entzun nion bezala: "Sinistu behar dugu gure esku dagoela, inoren zain egon gabe". 

Beste Angel batek, aurten preso eta gaixorik hil den Angel Figueroa lagun minak bere gutunetako batean idatzi zidan bezala: "Aberria eta bizi".

----------

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak