... zertaz idatziko dut? Datorren asteko grebaz idatz nezake, ezker abertzalea ematen ari den pauso irmoez idatz nezake, Antzuolako PNVren izenean Zumaian idatzitako panfletoaz idatz nezake...
Baina gaur zuri idatzi nahi dizut. Elkarrekin izandako azken solasaldian zutabe honetan idatzi nituen sagarren kontuak eta zuk Kukutzari buruz idatzitakoak aipatu genituen. Penaz nago orain, ez baitut zure artikulu biziak irakurtzeko aukera berririk izango. Horregatik, Googlen zure izena sartu eta zure artikuluak berrirakurri ditut behin eta berriz: Mairuaren Alardean zure parte-hartzearekin Bidasoako konpainia mistokoak omendu nahi izan zenituen; gure haurrek eskolako jangelan jaten dutenaren kalitateaz arduratu zinen; AHTren txikizioak eta jendartearen pasibotasunak kezkatzen zintuen; eta zure azken artikuluan Kukutzaren desalojoaz zenioena irakurri eta berridaztean zu ikusten zaitut: "Arima errebeldeek beste habia bat aurkituko dute eta sorkuntzak jarraituko du… Gazte eta ez hain gazte, eutsi goiari, ametsak ez dizkigute-eta zapuztuko".
Emakumea, konprometitua, solidarioa, antimilitarista, ama, natura zalea, baserritarra… Bi hitzetan, arima errebeldea.
Agur eta ohore, Idoia.