Izan zirelako gara

Erabiltzailearen aurpegia Pedro Mendieta 2015ko eka. 26a, 00:00

Sekula ez dut gustuko izan nire aspaldiko bizipenak jendaurrean azaleratzea.

Maiatzaren 22an, herriko EAJko militante garrantzitsu batzuek GOIENAri igorritako Izan zirelako gara artikulua nuen aurrean. Ez nekien maiatzaren 8an GOIENAk artikulu bat atera zuela nire alkate-garaiari erreferentzia eginda.

Egia esan, harritu egin ninduen. Uste dut elkarrizketan ez nuela analisi konparatiborik egin, eta, nire aurretik izan zirenekiko errespetuagatik, nire alkate-garaiko egoerak, jarduerak eta bizipenak kontatu nituen. 

Hortaz, EAren sorrerari erreferentzia egitea ezinbestekoa zen, alkatetzarako nire hautagaitzak egoera hartan izan zuen-eta jatorria. Ez diet haren komentarioei erantzungo, ez du-eta inolako emaitza positiborik ekarriko; hori ez da nire estiloa.

Nik esandakoak berretsi egiten ditut, ez dut uste inolako zuzenketarik egin behar dudanik. Gauza bakarra: kudeaketa-prozesuetan garaiak eta erakundeak nahasten segi ez dezaten, eskatzen diet sakon informa daitezen, korrika eta presaka egindako balorazioak egin aurretik.

Hala ere, nire nortasunari erreferentzia egiten dion aspektu bat dago, eta hori jendaurrean jarri beharra daukat.

Hain zuzen, izan zirelako gara. Baina kontua da nortzuk izan ziren, nortzuek eta zelan eraiki zuten nire nortasuna. EAJ udal-gizarte sarean sartu aurretik, 1955-1980 urteen artean euskal gizarteak askotariko aukerak eskaini zizkidan: militantzia klandestinoa; enpresa-sustapeneko hainbat proiektu promozionatzea; izen handiko erakundeetan zuzendaritza-lanak, bai eskualdean, bai Euskal Herrian; eta esperientzia zabala hirigintzan eta udaltzaingoan.

Bada, hauexek eraiki zuten nire nortasuna: gurasoek, euren ereduarekin eta erabateko esfortzuarekin; On Jose Maria Arizmendiarrietaren babesak, eta baita Ulgorreko zuzendariena ere –Ormaetxea, Gorroñogoitia, Larrañaga...–; nire prestakuntza dualeko prozesu pertsonal eta zabalak, lanaldi osoak eta nire kabuz egindako ikasketa iraunkorra uztartuta; eta pilatutako ibilbide profesional luzeak.

Nortasun hori erakundeen zerbitzura jarri nuen, EAJren eskariz, familiako eginbeharrei denbora larregi kenduta; ezer kobratu barik eta ibilbide politikoa hasteko asmo eta promes barik. Eta oso harro nago horretaz, herriari zerbitzu altruista eskaini izana irudikatzen du eta.

Gizarteak erabaki dezala nork nori zor dion gaur egun dena.

----------

Pedro Mendieta

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak