Euskara ikasten jarraitzen dut, zu bidelagun beti. Hasi nintzen gustuko nuelako. Bide honetan hainbat irakasle ezagutu ditut; guztiengandik zerbait ikasi dut, dudarik gabe. Eta beste batzuek, hizkuntza irakasteaz gain, areagotu egin zuten euskararekiko neukan atxikimendua. Zu horietako bat zara.
Azken urteetan C1 atera nahi izateagatik euskarak ematen zidan gozamena galtzeko zorian egon naiz. Zorionekoa ni ikasturte honetan zu nire irakaslea izan zarelako berriro. Horrek lasaitasun handia eman zidan kurtso hasieran; azterketa prestatu bitartean hizkuntzaz gozatuko nuela eta. Nabaritzen baita zure klaseak mimoz prestatzen dituzula; kontuan izanda zeintzuk goazen klasera, zein diren gure interesak, beharrak eta ahalmena… Eta, gainera, goxo-goxo hitz egiten diguzu; errieta egiten diguzunean ere bai. Aurrekoan ezkor agertu zinen euskararen egoera dela eta; zure lanaren balioa zalantzan jarri zenuen. Larritu egin nintzen. Euskarak zu bezalako irakasleak behar ditu. Mesedez, ez eman amore euskara, zure eran, irakasteari.