Baina beti emakume bat ikusten dut. Ispiluak ematen didan islan amatasunaren pisua, denboraren arrastoak argi ikusten ditut. Mexikotik irten nintzenean, isla horretan nire itxuraren berezitasunaz ohartu nintzen. Dena den, oraindik, ispiluaren aurrean lehenengoa ikusten dudana emakume bat da. Horregatik harritzen nau hainbeste gizartearen begiradapean etorkina ikusteak lehenengo eta gero… emakumea. Ulertzen dut guztiz lehenengo begiradan aretxabaletarra edo euskalduna edo feminista edo ama edo mendizalea ez identifikatzea edo sailkapen horiek ez izatea nagusiak. Baina emakumearen aurrean kanpotarra ikusteak bai larritzen nau; izan ere, horrek harreman horizontala oztopatzen du. Zeren, orduan, egiten dudan guztia edo ez dudana egiten kanpotar batek egindakoa baita, eta ez emakume batek.
Jakin badakit kanpotarra izateari inoiz ez diodala utziko, baina kanpotarra baino lehen, emakumea izan nahi dut. Eta zuk, begiratzen nauzunean, zer ikusten duzu?