Alkohol kontsumoaren eraginez desitxuratzen joan zen gizon hura eta aita-alabaren harremana ere bai. Tristura, gizon horrekiko tristura, izan zen nire baitan hazten joan zen sentimendua. Haurtzaroan. Zein txikia nintzen eta zein handia estaltzen ninduen bakardadea.
Nerabezaroan amorrua nagusitu zen. Garratza, beroa. Nire gorputzak, betidanik argala, hezur eta azal, amorrua izerditzen zuen poro guztietatik. Askatasunaren izenean etxea eta familia kaosera eramaten zituen gizon alkoholiko hark. Aita bizirik, etxean eta laguna neukan; dena dela, aitarik gabeko emakume bihurtu nintzen. Askotan horretaz pentsatzen nuen, gauzak konpontzeko zer esan… Baina "hobeto hilko balitz" zen bururatzen zitzaidan aukera bakarra. Sekulakoa...
Iaz, Gabon aurretik, jausi egin zen eta burua ez zeukala ondo jakinarazi zidaten. Momentu hartan, hizki bakoitza nire belarrietatik sartzearekin bat gorrotoa hautsi zitzaidan. Bat-batean neskatxo txiki bat nintzen maite zuen aitaren bizkarrean barrezka. Etxera joan nintzen. Aita besarkatzera.