Egun hauetan gogora etorri zaizkit garai hartako bizipenak. Hotzikarak sartzen zaizkit gorputzean, garai hartan etxean bi hilabete jarraian egotea nola izango zen pentsatzen hasten naizen bakoitzean. Izan ere, askotan askatasun eta segurtasun handiagoa geneukan kalean eta eskolan, etxean baino.
Hemen nago, Aretxabaletan, etxean, hiru umerekin, babestuta, aske. Beste garai batean bizi gara. Niretzako, beste mundu baten. Hala eta guztiz ere, ezin ditut galdera hauek nire burutik kendu: zenbat emakumek, zenbat umek behar dute babesa? Zenbat ume daude kalera eta eskolara joateko irrikaz, babestuta eta aske sentitzeko?