Hortik egun batzuetara zapia daraman neska musulman batekin geunden hitz egiten beste emakume talde bat (euskaldunak, mexikar bat eta marokoar bat euskaraz hitz egiten!) eta bat-batean konturatu nintzen zapia zeramalako ez nuela hain integratua sentitu; "zapia kenduko balu…". Egun hartatik hona burutik kendu ezinik dauzkat hainbat galdera: Zer da integrazioa? Nork egiten du integrazioa, etorkinok bakarrik? Zer utzi behar dugu etorkinok integratuak egoteko? Itxura aldatu barik integratu gaitezke?
Aretxabaletara heldu nintzenetik gaur egun arte integrazioaren alde hainbat pertsonekin batera lan egiten dihardut. Hala eta guztiz ere horri buruz gero eta gutxiago dakidala iruditzen zait. Mendebaldeko estereotipoak oso barneratuak dauzkadala konturatzen ari naiz.
Zapia ez zaigu gustatzen, emakumeak gizonen menpe daudela adierazten duela sinistuak gaudelako. Zapirik gabeko emakumeok ere matxismoa ezagutzen dugu… Utz dezagun zapia alde batera eta integraziorako beste bide batzuk jorra ditzagun.