Bat-batean, hor zebilen ume batek guregana hurbildu eta galdetu zidan: "Zergatik dauka jantzita pijama?". Eta nik aitortu nion goizean ez niola kendu pijama eta horregatik jarraitzen zuela pijamaz. Erantzuna oraindik airean zegoela berak beste galdera bat bota zidan: "Nola dauka izena?". Eta esan nion: "Neskatila honek Alba dauka izena", eta berak: "Baina mutila da!". Nik orduan: "Ez, neska da". "Pero va de chico", esan zidan gazteleraz. Galdetu nion zergatik, baina ez zuen erantzun; horren ordez, beste milaka galdera egin zizkidan. Albak belarritakorik ez daukalako? Edo pijama zuria eta marroia duelako? Ni horretaz pentsatzen geratu nintzen.
Harritu ninduen 3 urteko ume batek hain argi izateak neskek edo mutilek nolakoak izan behar duten. Gero gogoratu nintzen nire semea 4 urterekin hasi zela esaten arrosa kolorea neskena zela. Zein azkar ikasten diren estereotipoak. Txikitatik goaz gure kaiola eraikitzen gure familiakoen eta ingurukoen laguntzaz. Hormak garden-gardenak dira, baina sendo-sendoak.