Dokumentu horretan zehazten zuen Stoltz organo handia egiteko nolako soinu instrumentuak behar ziren. Kornetak, bonbardak, tronpetak, klarinak, klarineteak, biolinak, biolak, oboeak, baxuak, kontrabaxuak, biolontxeloak, flautak, kanpaitxoak… Izan ere, horiek dira orkestra sinfoniko baten beharrak; hain justu, San Pedro elizan daudenak. Beharrezkoa da nabaritzea ongilearen borondatea, eskuzabaltasuna, eta horren ondo hartutako erabakia, kontuan izanda San Pedro elizaren akustika berezia harmonizatzeko orduan normalean baino tonu erdi baxuagoa dela.
Organo erromantikoen artean, Stoltz da jatorriko ederrena eta handiena. Baina kontuan hartzekoa da beste orkestra berriago bat daukagula, 1986an sortutako sinfonikoa. Horren helburua da kultura musikal zabalagoa egitea gure herrian. Herri guztiek dituzte euren berezitasunak eta harro egoteko arrazoiak; bergararrok gauza asko ditugu gure gozamenerako; bi orkestra handi, besteak beste.