Hainbat dira testuinguruak: foroak, era guztietako solasaldiak... Eta, batik bat, politikarien artean. Desesperagarria da; esaterako, gertaera baten aurrean euren jarrera azaltzea dagokienean, ahots lodiz eta maiestatetsuz entzuten ditugu: "Erabat kezkatuta nago"; "Izugarri arduratuta nago"... Askotan, baina, gezurra da.
Gertaera ez zaie axola batere, axola zaiena audientziarekin ondo geratzea da. Eta horretarako, keinuak eta, beharrezkoa bada, aurpegi tristeak jartzen dituzte. Itxurakerietarako erabiltzen diren esaldien artean, bada esanahi hutseko bat: "Aukera bakarra genuen". Halakoak esaten dituzte zentzuzko erabakiak hartu dituztela erakutsi nahi dutenean. Nahiz eta erabaki hori norbere nahiaren aurkakoa izan.
Komunikabideetan ere sarriak dira halako jarrerak. Harro agertzen dira hartutako erabaki edo emandako azalpenekin. Tamalez, norbanakoon artean ere atzeman ditzakegu jarrera horiek. Izan ere, hainbat dira ongi-egile edo mezenas direla uste dutenak; beharbada, noizbait izango ziren.
Itxurakeriarik ez!