Duela gutxi nik emozio bat sentitu nuen Vatikanora joan ginenean. Bergarako Koru Parrokiala gonbidatu zutela-eta meza batean ohorezko tokian laguntzera. Vatikanoan oraindik liturgia latinez da, eta horrelaxe kantatu genuen, latinez, euskarazko bi motete kenduta, horretarako baimena eskatuta aurrez.
Orduantxe sentitu nuen esandako emozioa, zirrara, marko dotore hartan, Erroma bisitatzen duten turisten moduko publiko zabal haren aurrean.
Buruan daukat oraindik eztarrian egin zitzaigun korapiloa, moteteak bukatzeko eta aldi berean malkoren bati eusteko egin behar izan genuen ahalegina.
Nago emozio hori, poz hori, euskaraz, eta ez latinez edo gazteleraz, kantatzetik zetorrela.
Niretzat, esperientzia zoragarria eta zirraragarria izan zen.