Idazten hastera noanean konturatu naiz ez dudala merezi duen ezer buruan. Irtenbidea, burua txuri laga, inguruko zaratetatik isolatu, telefonoa pikutara, eta ea zer ateratzen den Word-en bitartez. Zorionez ez dago Olivettiren beharrik… 250 karaktere minutuan, akatsik gabe azterketan… (gorroto barik).
Pasatu dira 30 minutu, lana bukatu dut; zentzurik gabekoa irten zait, hitz asko errepikatu egiten dira, nik maite ditudan izenak, herriak, nire problemak, kezkak eta beste hainbat inongo zentzurik ez daukatenak ere, baina ikusten dut atentzioa eman didan zerbait.
Sarri errepikatzen diren hitzak: Afrika, beldurra, gosea, ura, kinkis... izen asko maitagarriak, baina, hau da hau, inoiz ez Mariano, ez PePe, ez PP, ez Napoleon, eta aldiz, sarritan kolekta, (ez Koleta) nire ustez , Stoltz-Freres organoaren aldeko diru bilketan egiten dihardugun ahaleginagatik. Zergatik izango da ba? Atera zait ere sarritan sozial, eta ez dut uste zerikusirik daukanik alderdi sozialistarekin, garai bateko Kooperatiben kontseiluarekin baizik. Eta agertzen da Erroma ere, nire ustez, Koru Parrokialak hara joateko nahian gabiltzalako. Batean ere ez da irten Espainia, ez Peru, ez Malta, ez inongo paradisu fiskalik; ostera, hiri afrikarrak eta beste hiri batzuk bai.
Argi dago buruan prozesatu ditudan hitzak, azkenaldian niretzat merezi duten ideiekin zeharo lotuta doazela.