Orain, migratzaileak daude dianaren erdian. Deshumanizatu egin nahi dituzte, kontrako neurriak errazago justifikatzeko: maskotak jaten omen dituzte, "zabor hori gure kaleetatik atera behar da", "ilegal guztiak kriminalak dira", zikinak, bortxatzaileak, terrorista arriskutsuak.
Mendebaldekook debekurik gabe gabiltza. Lehen Mundu Gerran Europako boteretsuenek Afrika banatu zuten euren artean. Ez dugu mugarik oinarrizko baliabideak dituzten herrialde pobretuak ustiatzeko, eta hemengo aberastasunaren zerbitzura jartzeko. Gure enpresek ateak irekita dituzte han eta hemen eskulana merkatuz etekinak handitzeko.
Gu ere migratzaileak izan gara, eta orain ere milaka gazte doaz lan bila beste herrialde batzuetara. Migratzaile pobretuak dira molestia. Baina zer gertatuko litzateke gure herrietan egiten duten lana utziko balute? Ezin ditugu migratzaileen eskubideak gure beharren arabera aitortu: libre ibiltzeko eta bizitza hobeago baterako eskubidea dute, guk dugun eran.