Orduko hartan, emakume bat gogoratu nuen, eta martxoaren 8a laster den honetan, berriz etorri da nire memoriara Pikunieta baserriko Idoia Azkarate, bera lotzen baitut Alardearekin eta berdintasunarekin.
Ondo gogoratzen dut, beste emakume batzuei bezala, nola proposatu genion biziberritutako Alardean parte har zezan. Ez zuen arma usaina gogoko, baina berdintasunarena bai, ordea. Onartu egin zuen. "Bidasoaldeko konpainia mistoetako emakume eta gizonezkoak omendu nahi ditut. Normaltasun baten barruan, aldaketak onartzen dituen herri baten partaidea izateak pozten nauen heinean", idatzi zuen Goienkaria-n 2009ko uztailean.
2012an hil zen Idoia, alboko esklerosi amiotrofiko gaixotasunaren eraginez. Ezingo du sariaren eztia dastatu; horregatik, bere ekarpen xumea, baina sinbolismo handikoa, ekarri nahi izan dut orri honetara.