Aurkezpeneko bi hitzek ukitu naute: hildakoak eta isiltasuna. Hildakoen betirako isiltasuna. Familien isiltasuna. Hilketaren ondoren herria utzi zuten alargun eta hiru seme-alabena. Zer zeramaten sentimenduen motxilan? Antzuolan geratu ziren beste alargun eta seme-alabena. Zer begirada jaso izan dute herritarrengandik? Bizkartzaina eraman zutenen eta familien isiltasuna –baten hitzak salbu–.
Erantzun gabeko galdera asko daude. Ukatutako aitorpenak, eta esan gabeko elkartasun hitzak. Eman gabeko besarkadak. Herriko plazaren isiltasuna. Eta baita udalen isiltasuna ere. Isiltasun konplizeak, nirea barne, urtetan zehar. Isiltasunak baditu bere arrazoiak, korapiloak eta zauri sakonak. Baina guztia arakatu eta argitaratu barik ezin memoria justu bat eraiki.